Liburu aurkezpena: 'ETA: la memoria de los detalles'

Argitalpen-data: 

Joseba Eceolazak 'ETA: la memoria de los detalles' bere liburuaren aurkezpenean parte hartu du gaur arratsaldean Bilbon

Aintzane Ezenarro Gogora Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuko zuzendariak ‘ETA: la memoria de los detalles’ liburuaren aurkezpenean parte hartu du gaur arratsaldean, Gogora Institutuaren egoitzan, Bilbon. Joseba Eceolaza egilearekin batera, Josu Elespe ETAk 2001eko martxoan hil zuen Lasarteko PSE-EEko zinegotzi Froilan Elesperen semeak parte hartu du aurkezpenean.

Liburuak -Marta Buesaren hitzaurrea darama- ETAren atentatuen inguruko xehetasunetan sakontzen du, ETAren biktimek atentatuaren aurretik, bitartean eta ondoren jasandako jazarpen-giroaren norainokoa neurtzea ahalbidetzen baitu. Egilearen beraren hitzetan, “xehetasun horiei buruz hitz egiteak izugarrizko ahalmen pedagogikoa du”. Gogora Institutuko zuzendari Aintzane Ezenarrok ere bat egin du egilearekin “herri honetan bizitako gorrotoaren kulturarekin aurrez aurre jarri gaitu eta bizikidetzari buruz hausnartzeko aukera eman digu: nola eta nork hautsi zuen eta nola berreraikitzen lagundu”.

Liburuaren azalean, ‘José Luis de Lacalle, jódete!!!’ dioen horma-idazki baten argazkia agertzen da. ‘Pintada’ hori Andoainen agertu zen, ETAk José Luis Rodríguez de Lacalle kazetaria hil eta biharamunean, bere herrian, 2000ko maiatzean. “Liburuaren azal gogorrak garai bat eta krudelkerien segida bat irudikatzen ditu, eta horiei buruz hausnartzea merezi du”, dio Eceolazak.

Liburuak gorrotoari buruzko hamaika xehetasun kontatzen ditu, “indarkeriaren tragediara hurbiltzen gaitu; txanpan kopa, mehatxagarri deiturikoak, barne erbestea gure paisaiaren parte izan dira eta kontatzea, nekatzen bagara ere, leheneratze ekintzaren parte da, azpimarratzen du Eceolazak.

Josu Elespek, bere aldetik, gogoeta egin du lehen pertsonan bizitakoei buruz, ETAren biktima baten seme gisa, eta Euskadin bizikidetza berreraikitzeari buruz.