Gogora Institutuaren Zuzendaritza Kontseiluak baimena eman du Kultura Ministerioarekin hitzarmena sinatzeko frankismoko Ordena Publikoko Auzitegiaren dokumentazioa digitalizatu ahal izateko

Argitalpen-data: 

Gaurko bileran onartu da 2024rako aurrekontuaren aurreproiektua Iigo Urkullu Lehendakaria bileraren buru dela

Gogoraren zuzendaritza kontseiluaren bilera
  • Bileran aurkeztu den ikerketa berri baten behin-behineko emaitzen arabera, 1936-1945 aldian 37.000 pertsona baino gehiago espetxeratu zituzten Euskadin.

  • Ordena Publikoko Auzitegiaren (TOP) dokumentazioa digitalizatzea eta aztertzea eta espetxeratutako biktimei buruzko ikerketa errepresio frankistaren egia argitzera bideratutako bi ekimen esanguratsu dira

Iñigo Urkullu Lehendakaria Gogora Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuaren Zuzendaritza Kontseiluaren bileraren buru izan da. Bertan, Nerea Melgosa Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak eta Jose Antonio Rodríguez Ranz sailburuordeak eta Aintzane Ezenarro eta Noemi Ostolaza zuzendariek osatutako Eusko Jaurlaritzako giza eskubideen arloko lantaldeak parte hartu dute.

Bilera gaur arratsaldean egin da, Gogora Institutuaren Bilboko egoitzan, eta, bertan, Institutuaren Zuzendaritza Kontseiluak baimena eman du Kultura Ministerioarekin hitzarmena sinatzeko, Salamancako Memoria Historikoaren Dokumentazio Zentroan gordetzen den Ordena Publikorako Auzitegiaren (TOP) dokumentazioa eskuratu eta digitalizatzeko. Ekimen hau baimentzea, praktikan,  aurreko astean onartutako Euskadiko Memoria Historiko eta Demokratikoari buruzko Legearen bigarren xedapen iragankorraren – dokumentu-funtsak berreskuratzea – aplikazioa litzateke.

Memoriaren Institutuaren ekimen hau TOP delakoa sortu zenetik 60 urte betetzera doazenean heldu da, eta ikerketa honek auzitegi honen bidez 1963 eta 1977 bitartean euskal herritarren aurka hasitako sumario guztien bilketa eta azterketa biltzen ditu. Lehenengo hurbilketa bati esker jakin ahal izan da Euskadin auzotasuna duten 2.700 pertsona baino gehiago daudela. Hala ere, helburua jatorriz euskaldunak ziren pertsona naturalen sumarioetara ere iristea, nahiz eta beste erkidego batean bizi.

 

Ikerketa-proiektu horrek ekarpen handia egingo du frankismo garaiko eta Trantsizioaren hasierako egia argitzeko, aldi horretan Euskadin jasandako errepresioaren dimentsio eta ezaugarri gehientsuenak ezagutzeko aukera emango baitu. Gainera, dokumentazio hori eskuratu ahal izatea funtsezkoa da diktaduraren aurkako gizarte-mugimenduen eta dinamika politiko eta kulturalen historia berreskuratzeko. Dokumentazio horren azterketa 1936-1978 aldian Gerra Zibilean eta Frankismo Garaian izandako  giza eskubideen urraketei buruzko oinarrizko-txostenean txertatzen da

Bileran, Jon Penchek, UPV-EHUko Historia Garaikidean doktore eta oinarrizko-txostenaz arduratzen den ikerketa-taldearen koordinatzaileak, ikerketa honen beste esparru batean egindako aurrerapenen berri eman du:1936-1945 aldian Frankismoko espetxe-sistemaren biktimena. Ikerketa garapen fasean dagoen arren, hauek dira gaur-gaurkoz behin-behineko datuak:

  • 37.000 pertsona baino gehiago espetxeratu zituzten Euskadin
  • Horietatik 5.100 emakumeak ziren
  • EAEko herriren bateko 16.500 bizilagun
  • Gainerakoa estatuko beste lurralderen batekoa zen
  • 2.314 pertsona espetxean hil zirela jakin ahal izan da

Bere garaian, ikerketa amaitutzat ematen denean, ondorioak argitaratzeaz gain, espetxeratutako pertsonen fitxen datu-basea senideen eta ikertzaileen eskura jarriko da, kontsulta dezaten.

Bestalde, gaurko bileran, Gogora Institutuaren Zuzendaritza Kontseiluak, 2024rako aurrekontuaren aurreproiektua onartu du, 6.764.884 eurokoa. Partidarik handiena Gogora Institutuaren etorkizuneko erakusketa-espazioari dagokio, gaur egun eraikuntza-obren lizitazioa ebazteko fasean dagoena.

Eusko Jaurlaritzaz gain, Gogora Institutuaren Zuzendaritza Kontseiluan honako hauek daude ordezkatuta: Eusko Legebiltzarreko taldeak, hiru aldundiak, EUDEL eta Eusko Legebiltzarrak izendatutako hiru pertsona: Paco Etxeberria, auzitegi-medikua eta gaian aditua; María Jauregi, ETAk 2000n hildako Juan Maria Jauregi Gipuzkoako gobernadore zibilaren alaba, eta Josu Elespe, ETAk 2001ean hildako Lasarteko PSE-EEko zinegotziaren semea.